Foro
Este foro pretende ser un lugar de encuentro donde dialogar, discutir e
informar sobre todo aquello que interesa al ajedrez navarro
Los Administradores del sitio se reservan el privilegio de eliminar a su
discreción aquellos posts que insulten, denigren o no cumplan unas mínimas
normas de cortesía. Clubajedrezorvina.com no se hace responsable de ninguno de
los comentarios posteados.
|
|
Joseba Otano
Posts: 925
|
 |
|
XAKEKO EUSKAL SELEKZIOAREN ALDE - 2010.
Posted: 03 jun 10 23:40
|
"Berria".
Osteguna, 2010eko ekainak 3a.
Euskal Selekzioaren Eguna egingo dute larunbatean Oñatin.
ESAITek egitarau zabala eta askotarikoa osatu du, 10.000 metrokoen Euskal Herriko lasterketa irekia barne.
Erredakzioa. Donostia.
Kale egin gabe eusten dio ESAITek urteroko jaialdiari. Larunbatean egingo du Euskal Selekzioaren Eguna, Oñatin (Gipuzkoa), eta atzo eman zituzten antolatzaileek Donostian egun horri buruzko xehetasun guztiak. Han izan ziren Martxel Toledo, Pepe Turrilas eta Mikel Urkola ESAITeko kideak eta Josemari Agirretxe Porrotx pailazoa.
Egitaraua azaldu eta horrelako egunek duten garrantzia azpimarratzeaz gain, jende guztiari bertara joateko gonbita egin zien ESAITek. Porrotxek berak nabarmendu zuen euskal selekzioak izatearen garrantzia, «ez tituluak irabazteko, beste nazioetako selekzioekin batera mundu eta gizarte koloretsu bat izateko baizik». Porrotxek berak ere parte hartuko du Oñatin, emanaldi bat eginez, eta lehen aldiz 10.000 metrokoen Euskal Herriko lasterketa irekia ere jokatuko dute.
Selekzioaren egunaz gain, Martxel Toledok beste ekimen baten berri ere eman zuen atzo. «PSEk eta PPk Jaurlaritza hartu zutenetik hainbat ekimen jarri dituzte abian. Espainiako selekzioak Euskal Herrian jokatzearena, Euskal Herrian Espainiako Txapelketak antolatzearena... horren inguruan gure haserrea azaltzeko, Legebiltzarrean ostiralean alderdi politikoek Gobernuari egindako bi galdera egongo dira, eta ondoren alderdiekin batera prentsaurrekoa emango dugu».
############
Egitaraua.
SELEKZIOAREN EGUNA.
10:30. Ikurrinaren igoera. 11:00. Ekitaldia. Udalaren eta ESAITen hitzaldiak. 11:30. Herri lasterketa gaztetxoentzat. 12:30. Porrotx pailazoaren emankizuna. 14:00. Herri bazkari. 16:30. Herri jokoak gaztetxoentzat. 18:30. Lasterketa. Euskal Herriko I. Txapelketa Irekia. 20:00. Erromeria, Trikizio taldearekin.
############
© berria.info
|
|
|
Joseba Otano
Posts: 925
|
 |
|
Re: XAKEKO EUSKAL SELEKZIOAREN ALDE - 2010.
Posted: 06 jun 10 22:23
|
"Berria".
Larunbata, 2010eko ekainak 5a.
ESAIT: «Herri hau espainoldu nahi du Jaurlaritzak».
Egungo egoera salatu du Legebiltzarrean, EA, EAJ, Aralar, Alternatiba eta ezker abertzalearen babesarekin.
Erredakzioa. Gasteiz.
«Normalizazioren izenean» Euskal Herria «espainoltzea» leporatu zion atzo ESAITek Jaurlaritzari, Legebiltzarrean egindako agerraldian. «Hori da PPren eta PSEren helburua», adierazi zuen Martxel Toledo koordinatzaileak. Egungo egoera salatu zuen EA, EAJ, Aralar, Alternatiba eta ezker abertzalearen babesarekin, eta etorkizunerako ekimenak iragarri.
Toledoren ustez, argiak dira Euskal Herria espainoltzeko Jaurlaritzak hartu dituen erabakiak. Besteak beste, Espainiako futbol selekzioak Euskal Herrian jokatzeko eskaera egitea, Espainiako Vuelta hemendik pasatzeko eskatzea, eta Espainiako bandera erakunde guztietan jarrita egotea. «Beraientzako normalizazio hori lortzea herri hau espainoltzea da. Lopezek eta Basagoitik zuzendutako Jaurlaritzak, euskal izaera daukan guztia ezabatzeko hautua egin du, aipatutako normalizazio faltsu horren izenean», salatu zuen Toledok.
Beste adibide bat eman zuen, era barean: Euskaltel-Euskadiren autoetan lehen Pays Basque jartzen zuela, eta orain Espagne. Horri buruz galdera egin zion EAJk Patxi Lopez lehendakariari. «Pays Basque Ipar Euskal Herria da frantziar gehienentzat, eta Espagne jarrita hobeto kokatzen dira denak», erantzun zuen Lopezek. Gainera, «konplexuak alde batera» uzteko eskatu zuen, «Euskadi Espainiaren barruan dagoelako».
Horiek horrela, ESAITek ekimen bereziak iragarri ditu. Batetik, Tourra Tourmaletetik igarotzen denerako (uztailaren 21ean eta 22an), eta bestetik, Espainiako saskibaloi selekzioak Gasteizen jokatzen duenerako (abuztuan). Gainera, gaur Oñatin egingo den Euskal Selekzioaren Egunera joateko deia egin zuen Toledok. Egitarau zabala eta anitza osatu du, 10.000 metrokoen Euskal Herriko lasterketa irekia barne. 10:30ean hasi eta eguna amaitu arte iraungo du festak.
© berria.info
|
|
|
Joseba Otano
Posts: 925
|
 |
|
Re: XAKEKO EUSKAL SELEKZIOAREN ALDE - 2010.
Posted: 07 jun 10 21:44
|
"Berria".
Igandea, 2010eko ekainak 6a.
Irudia. Oñati (Gipuzkoa).
Selekzioa aldarri.
Eguraldia lagun, ehunka lagun bildu ziren atzo Oñatin (Gipuzkoa), ESAITek antolatutako Selekzioaren Egunean. Ekitaldi mordoa izan zen goizean goizetik hasita, denak helburu berarekin: kirol selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzea. Tartean 10.000 metrokoen Euskal Herriko lasterketa irekia jokatu zen. Argazkian, dantzariak aurreskua dantzatzen, irekiera ekitaldian.
© berria.info
|
|
|
Joseba Otano
Posts: 925
|
 |
|
Re: XAKEKO EUSKAL SELEKZIOAREN ALDE - 2010.
Posted: 03 jul 10 17:34
|
"Berria".
Ostirala, 2010eko uztailak 2a.
Uztailaren 31n hasiko da ESAITen Mendi Martxa.
SELEKZIOAK. Uztailaren 31n hasi eta abuztuaren 8an amaituko da ESAITek antolatutako X. Mendi Martxa. Uztaritzen (Lapurdi) hasiko da aurtengo Mendi Martxa, eta zortzi etapa egin ondoren, Trebiñun (Araba) amaituko da. Abuztuaren 7an manifestazio nazionala egingo dute Gasteizen.
© berria.info
|
|
|
Joseba Otano
Posts: 925
|
 |
|
Re: XAKEKO EUSKAL SELEKZIOAREN ALDE - 2010.
Posted: 28 jul 10 21:39
|
"Berria".
Asteazkena, 2010eko uztailak 28a.
«Espainoltzearen aurka», manifestazioa.
Euskal selekzioa jasotzen ari den betoa salatzeko, ESAITek manifestazioa egingo du abuztuaren 7an.
Erkuden Ruiz. Gasteiz.
«Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko lotura normaltzat hartzea nahi du». Salaketa hori egin zuen atzo Martxel Toledo ESAITeko bozeramaileak, Gasteizen. Frantziako Tourrean Euskaltel-Euskadik Spain hitza gehitu behar izatea eta Andre Mari Zuriaren jaietan Espainiako saskibaloi selekzioak Gasteizen jokatzea «espainoltze prozesuaren» bi adibide direla adierazi zuen. Hori salatzeko, ESAITek manifestazioa egingo du abuztuaren 7an, Gasteizen, Inposaketen aurrean, guk gurea; nazio bat, selekzio bat lelopean.
«Euskal gizartearen gehiengoa» Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasunaren alde dagoela esan zuen Toledok. Haren hitzetan, inkestetan jasotako emaitzez eta manifestazioez gain, Frantziako Tourrean milaka euskal zalek egindako aldarrikapena izan da azken babes keinu argia. «Eusko Jaurlaritzaren espainoltze saioaren aurka, erantzun txalogarria izan da», gaineratu zuen Toledok. Halere, euskal kirolarien, zaleen eta herritarren eskubideak zapaltzen jarraitzen dutela salatu zuen. «Herritar gehienen borondatea ukatzen dute».
Ukazioaren aurka.
Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaietan, abuztuaren 6tik 8ra, Espainiako saskibaloi selekzioak lagunarteko txapelketa jokatuko du Buesa Arena pabiloian. Horren harira, ESAITeko kideek argi utzi zuten ez zaiela gaizki iruditzen Espainiako selekzioak Gasteizen jokatzea: «Ez gaude selekzio baten aurka». Hori bai, selekzio batek bestearen parte-hartzea ukatzen duela salatu zuten. «Espainiak jokatuko du Gasteizen, euskal selekzioa ukatzen duenak». Hainbat kiroletan herrien arteko txapelketak antolatu dituztela eta Espainiako eta Frantziako selekzioek parte hartu dutela gogorarazi zuen ESAITek.
Espainiak Gasteizen jokatzea «Euskal Herriko selekzioa ukatzea eta espainoltzea inposatzea» dela gaineratu zuen Toledok. «Euskal gizarteak ez du onartuko bere nortasuna ukatzen duen inposaketarik. Horregatik, heldu da kalera ateratzeko garaia».
Selekzio guztiek baldintza berberak izatea eskatzen du ESAITek. «Herritarrek eta zaleek aukeratuko dute zein selekzio ikusi, baina eskubide hori izatea aldarrikatzen dugu». ESAITen esanetan, Euskal Herriko selekzioa ofiziala denean, edozein taldek jasoko du Euskal Herrian jokatzeko gonbidapena. «Euskal selekzioa integratuta egotea eta ofiziala izatea behar da horretarako». Horrez gain, euskal kirolariek Euskal Herriko selekzioan aritzeko aukera izatea aldarrikatzen dute.
Duela 15 urte sortu zen ESAIT. Kirol eta kultur elkartea da, eta Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna bultzatzen du. Kirol ekitaldietan kiroltasuna, laguntasuna eta animazioa egoteko lan egiten du. «Euskal taldeek Euskal Herritik kanpo jokatzen dutenean, kalejirak antolatzen ditugu kirola festa izan dadin, eta ez borroka, askotan gertatzen den moduan». Ekintza horiek kirolari ez diotela laguntzen gaineratu zuen ESAITeko bozeramaileak.
Datorren larunbatean hasiko da ESAITen X. Mendi Martxa, Uztaritzen (Lapurdin), eta Trebiñun (Araba) bukatuko da, zortzi etapa egin ondoren. Abuztuaren 7an, Gasteiztik pasatuko da mendi martxa, eta manifestazioarekin bat egingo du. «Alderdikeriak alde batera utzi eta kalean gure izatea aldarrikatzeko deia egiten dugu». Andre Mari Zuriaren jaiak direla-eta, blusen kolektiboarekin hitz egin dute festetako ekitaldiekin eta ibilbidearekin bat egiteko. «Manifestazioak herri honen erantzuna eta aldarrikapena izan behar du».
“Euskal kirolari, zale eta herritarren eskubideak eta borondatea ukatzen jarraitzen dute”.
“Selekzio batek bestea zapaltzen du; Espainiako selekzioak Euskal Herrikoa ukatzen du”.
MARTXEL TOLEDO. ESAITeko bozeramailea.
© berria.info
|
|
|
Joseba Otano
Posts: 925
|
 |
|
Re: XAKEKO EUSKAL SELEKZIOAREN ALDE - 2010.
Posted: 01 ago 10 21:37
|
"Berria".
Larunbata, 2010eko uztailak 31a.
Mapari buelta emanez.
ESAITen 10. Mendi Martxa gaur irtengo da Ustaritzetik, eta lehen aldiko ibilbidea aurkako norabidean egingo du.
Erredakzioa. Donostia.
Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldearen (ESAIT) mendi martxa ohiko ekimen bihurtu da dagoeneko udan, eta gaur laurogei mendizale inguru abiatuko dira Ustaritzetik (Lapurdi) Trebiñuraino (Araba) ofizialtasunaren aldarria emateko. Aurten hamargarren aldia da, «urteurren borobila», Asier Ibaibarriaga ESAITeko kidearen iritziz, eta horregatik erabaki zuten lehen aldiko ibilbidea aurkako norabidean egitea. «Martxak oihartzun bat hartu du urte hauetan, gorpuztu egin da, eta, lan horren isla, ondo iruditu zitzaigun lehen aldia gogoratzea».
Bederatzi egun eta zortzi etapako martxa izango da, eta egunak pasatu ahala, mendizale multzoa handitu egingo da. Jendearen erantzunarekin pozik dago ESAITeko kidea. «Iazkoa baino multzo handiagoa dugu, adin askotakoak eta lurralde guztietakoak. Jende kopurua egonkortzen ari da, eta hori pozgarria da». Lehen aldian bezala, martxak egun bateko etenaldia izango du Elgetan, abuztuaren 4an, eta egun osoko jaia izango da. Egitarau luze eta zabala antolatu dute asteazkenerako: 200 lagunentzako herri bazkaria, herri kirol ekitaldida, trikipoteoa... Iritzi taldekoek, Elgetakoaz gain, etapa bakoitzeko irteera eta bukaerako udalen lana eskertu dute, ia egunero egongo baitira ekitaldi bereziak.
Azken-aurreko etapa berezia izango da mendizaleentzat, Armentiara (Araba) iritsi aurretik ESAITek Gasteizen egun horretarako deituriko manifestazio nazionalarekin bat egingo baitute. «Selekzioaren aldarria eramango dugu gurekin, ozen entzun dadin», azaldu du Ibaibarriagak. Beroa ere izango dute bidaide; horretara, baina, ohituta daude.
############
Mendi martxa.
Gaur. Ustaritze-Hazparne. Bihar. Hazparne-Izturitze. Abuztuak 2. Izturitze-Donapaleu. Abuztuak 3. Donapaleu-Maule. Abuztuak 4. Elgeta, egun osoko jaialdia. Abuztuak 5. Elgeta-Apatamonasterio. Abuztuak 6. Apatamonasterio-Aramaio. Abuztuak 7. Aramaio-Armentia. Manifestazioarekin bat. Abuztuak 8. Armentia-Trebiñu.
############
© berria.info
|
|
|
Joseba Otano
Posts: 925
|
 |
|
Re: XAKEKO EUSKAL SELEKZIOAREN ALDE - 2010.
Posted: 02 ago 10 11:04
|
"Berria".
Igandea, 2010eko abuztuak 1a.
Inposatuari erantzunez.
Hainbat alderdik, sindikatuk eta eragilek bat egin dute ESAITek Gasteizen deitutako manifestazioarekin.
Erredakzioa. Gasteiz.
Hilaren 6tik 8ra ariko da Espainiako saskibaloi selekzioa Gasteizen, lagunarteko torneoa jokatzeko. Eta hilaren 7rako deitu du ESAITek torneo horren harira "Inposaketa guztien gainetik, Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat" lelopean manifestazio nazionala. Atzo, Gasteizko Foruen plazan, ESAITen deialdi horrekin bat egiteko eta Espainiako selekzioak euren hirian jokatzeari buruz duten iritzia jendaurrean azaltzeko, agerraldia egin zuten alderdi politikoetako, sindikatuetako eta Gasteizko herri eragileetako hainbat ordezkarik.
Guztiek adostutako manifestu baten berri eman zuten bertan. Gasteizen jokatuko den torneo horrekin «Espainiaren koloreak inposatzen» zaizkiela eta euskal kirolariek defendatu nahi dituzten koloreak, euskalzaleek defendatu nahi dituztenak defendatzerik ez dutela izango salatu zuten. «Guk, aldiz, ez dugu ezer inori inposatzerik nahi. Gurea nahi dugu, Euskal Herriko selekzioa, beste edozein naziorekin berdintasunean lehiatu ahal izan dadin, eta euskal herritarrek hala nahi izatekotan haren koloreak defendatzeko aukera izan dezaten. Gure selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzen dugu. Inposatzeko jarrera hori ikusita, norberaren koloreak defendatzeko aukera izatea aldarrikatzen dugu».
Hori dela eta, ESAITek egindako deialdiarekin bat egiten dutela jakinarazi zuten atzoko agerraldian parte hartu zutenek. Gainera, Espainiako selekzioak jokatuko duen torneo hori Gasteizko jaietan jokatuko denez, euskal selekzioaren aldeko aldarrikapena eta jaia uztartu egingo dituztela jakinarazi zuten. Selekzioaren aldeko mezua abuztuaren 4ko txupinazora eramango dutela aurreratu zuten; baita plazara eta balkoiko ekitaldira ere.
Eusko Jaurlaritzak, bestalde, oharra kaleratu du Gasteizen jokatuko den torneo hori erabat babesten duela eta festa bat izango dela nabarmenduz.
############
Atxikimenduak.
Alderdiak: EA, Ezker Abertzalea, Aralar eta Alternatiba.
Sindikatuak: ELA, LAB, ESK, HIRU.
Herri eragileak: Blusen eta Nesken komisioa, Zeledoiaren komisioa, Gasteizko Txosnak, Indar Baskonia, Eztanda Norte, Gasteizko AEK, EHE, SEGI, Elkartzen, Gaztetxea, Bilgune Feminista, Askapena, EGHAM, Komite Internazionalistak.
Norbanakoak: Iñaki Landa, Mikel Urdangarin, Oihane Perea, Unai Yus, Saioa Olite, Gontzal Sanz, Irati Anda, Hector Llanos, Konpa, Iñigo Velez.
###########
© berria.info
|
|
|
Joseba Otano
Posts: 925
|
 |
|
Re: XAKEKO EUSKAL SELEKZIOAREN ALDE - 2010.
Posted: 03 ago 10 22:16
|
"Berria".
Igandea, 2010eko abuztuak 1a.
Irudia. Ustaritze.
SELEKZIOAREN ALDARRIA, LAU HAIZEETARA.
ESAITek antolatutako euskal selekzioaren aldeko mendi martxa atzo atera zen Uztaritzetik (Lapurdi). Ellande Alfaro pilotariak eta bertsolariek parte hartu zuten hasierako ekitaldian. Aurten hamar urte bete ditu martxak, eta, horregatik, lehendabiziko urtean egin zuten ibilbidea baina aurkako noranzkoan egingo dute. Bederatzi eguneko ibilaldia izango da, eta Trebiñun amaituko da, Araban. Larunbatean, euskal selekzioaren alde deitutako manifestazioarekin bat egingo dute Gasteizen.
© berria.info
|
|
|
Joseba Otano
Posts: 925
|
 |
|
Re: XAKEKO EUSKAL SELEKZIOAREN ALDE - 2010.
Posted: 05 ago 10 0:07
|
"Berria".
Asteazkena, 2010eko abuztuak 4a.
Hainbat alderdik eta sindikatuk bat egin dute, berriro, ESAITen deialdiarekin.
Ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek adierazi dute «euskal kirola espainoltzeko» saioa dela.
Erredakzioa. Gasteiz.
Espainiako saskibaloi selekzioak lagunarteko torneoa jokatuko du Gasteizen etzitik igandera bitartean. Ezker Abertzealearen, EAren eta Aralarren ustez, «euskal kirola espainoltzeko» saio bat da Espainiako selekzioen partidak Euskal Herrira ekartzea. Horixe adierazi zuten atzo Gasteizen, Itziar Arratibel ESAITeko kidearekin batera emandako prentsaurrekoan. Hala, ESAITek torneoaren harira larunbaterako deitutako manifestazioarekin bat egin dute alderdiek. Inposaketa guztien gainetik, Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat leloa izango du manifestazioak.
Eusko Alderdi Jeltzaleak, baina, ez du manifestazioarekin bat egin. Dena den, iragan ekainean, ESAITek abuztuaren 7rako egingo zituen mobilizazioen berri eman zuenean, Joseba Egibar EAJren Legebiltzarreko bozeramailea Aralarreko eta EAko kideekin batera agertu zen. Arratibelek atzo esan zuen EAJk ez duela manifestazioarekin bat egin, baina ez dela «horren kontrakoa». Gainera, gaur, Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaien irekiera ekitaldian, EAJko kideek euskal selekzioen aldeko elastikoak jantziko dituztela jakinarazi zuen. EAJren arabera, alderdiak euskal selekzioen ofizialtasunaren alde lanean jarraituko du, baina ez dute argitu larunbateko manifestazioarekin bat egiten duten edo ez.
ELA, LAB eta ESK sindikatuek ere sostengua adierazi diote berriro ESAITi. Joan den larunbatean agerraldia egin zuten alderdi politikoetako, sindikatuetako eta Gasteizko herri eragileetako hainbat ordezkarik. Guztiek adostutako manifestu baten berri eman zuten. Gasteizen jokatuko den torneo horrekin «Espainiaren koloreak inposatzen» zaizkiela eta euskal kirolariek defendatu nahi dituzten koloreak defendatzerik ez dutela izango salatu zuten.
ESAITen martxa, gaur Elgetan.
ESAITen mendi martxak laugarren etapa bete zuen atzo, eta Maulera iritsi zen. Gaur, ordea, autobusez abiatuko dira Elgetarantz, eta egun osoko festa egingo dute han.
© berria.info
|
|
|
Joseba Otano
Posts: 925
|
 |
|
Re: XAKEKO EUSKAL SELEKZIOAREN ALDE - 2010.
Posted: 05 ago 10 22:08
|
"Berria".
Osteguna, 2010eko abuztuak 5a.
ESAITen Mendi Martxa Elgetara iritsi da.
SELEKZIOA. Egun osoko jaia izan zuten atzo ESAITen Mendi Martxan parte hartzen ari direnek Elgetan (Gipuzkoa). Herriko agintariek harrera egin zieten lehenengo, herri bazkaria izan zuten ondoren, eta herri-kirol jaialdia eta afaria ere bai. Elgetatik Apatamonasteriora arteko etapa osatuko dute gaur.
© berria.info
|
|
|
Joseba Otano
Posts: 925
|
 |
|
Re: XAKEKO EUSKAL SELEKZIOAREN ALDE - 2010.
Posted: 07 ago 10 14:02
|
"Berria".
Ostirala, 2010eko abuztuak 6a.
Apatamonasteriora iritsi da ESAITen Mendi Martxa.
SELEKZIOA. Elgetatik Apatamonasteriora arteko etapa osatu zuen atzo ESAITen Mendi Martxak. Hiru etapa baino ez dira falta bukatzeko. Gaur, Apatamonasteriotik Aramaiora artekoa osatuko dute.
© berria.info
|
|
|
Joseba Otano
Posts: 925
|
 |
|
Re: XAKEKO EUSKAL SELEKZIOAREN ALDE - 2010.
Posted: 08 ago 10 0:23
|
"Berria".
Larunbata, 2010eko abuztuak 7a.
Espainoltzearen aurkakoa.
ESAITek deituta, eta hainbat alderdi politikok, sindikatuk eta eragilek babestuta, manifestazioa egingo da gaur Gasteizen.
Espainiako saskibaloi selekzioak bi ordu geroago jokatuko du Buesa Arenan.
Erredakzioa. Gasteiz.
Gasteizko Bilbo plazatik abiatuko da gaur ESAITek deitutako manifestazio nazionala (18:30), eta Andre Mari Zuriaren plazan amaituko. Bi ordu geroago hasiko da Espainiako saskibaloi selekzioak Lituaniaren kontra jokatuko duen norgehiagoka, Buesa Arena pabiloian (20:30). Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak berak hasitako «espainoltze prozesuaren» barruan kokatu du ESAITek hasieratik Espainiako saskibaloi selekzioak Gasteizen jokatuko duen nazioarteko torneo hori, eta hori salatzeko deitu du gaurko manifestazioa. "Inposaketen aurrean, guk gurea; nazio bat, selekzio bat" lelopean egingo da.
Deialdiaren berri eman zutenetik, hainbat atxikimendu jaso ditu ESAITek. Gasteizen bertan bi agerraldi egin dira, eta hainbat alderdi politikok (EA, ezker abertzalea, Aralar eta Alternatiba), sindikatuk (ELA, LAB, ESK, Hiru), herri eragilek (Blusen eta Nesken Batzordea, Zeledonen Batzordea, Gasteizko Txosnak, Indar Baskonia, Eztanda Norte, Gasteizko AEK, EHE, Segi, Elkartzen, Gaztetxea, Bilgune Feminista, Askapena, EGHAM, Komite Internazionalistak) eta gizabanakok (Iñaki Landa, Mikel Urdangarin, Oihane Perea, Unai Yus, Saioa Olite, Gontzal Sanz, Irati Anda, Hector Llanos, Konpa, Iñigo Velez) egin dute bat gaurko manifestazio deialdiarekin.
ESAITek garbi utzi du hasieratik ez dagoela Espainiako selekzioaren kontra, baizik eta selekzio batek bestearen parte-hartzea baztertzea salatzen duela. «Espainiak jokatuko du Gasteizen, euskal selekzioa ukatzen duenak», nabarmendu zuen Martxel Toledo koordinatzaileak deialdiaren berri eman zuen egunean. «Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko lotura normaltzen hartzea nahi du. Espainiak Gasteizen jokatzea Euskal Herriko selekzioa ukatzea eta espainoltzea inposatzea da. Euskal gizarteak ez du onartuko bere nortasuna ukatzen duen inposiziorik. Horregatik heldu da kalera ateratzeko garaia».
Eusko Jaurlaritzak hasieratik babestu eta sustatu du Espainiako selekzioa Euskal Herrian aritzea. Atzo bertan, Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburuak harrera egin zien Espainiako saskibaloi selekzioko kideei. Buesa Arenan egindako entrenamenduan izan zen Urgell, eta Sergio Scariolo hautatzaileak banan-banan aurkeztu zizkion jokalari guztiak. Bere abizena duen elastikoa oparitu zioten jokalariek Urgelli, 16 zenbakiarekin, eta argazkia atera zuten elkarrekin.
Urgell: «Pozarren gaude».
«Munduko selekziorik onena» Gasteizen ariko delako Eusko Jaurlaritza «pozarren» dagoela nabarmendu zuen atzoko ekitaldian Kultura sailburuak. Espainiako Vuelta ere izan zuen mintzagai Urgellek, eta 2011n bi etapa Euskal Herrian amaitzea «normala» dela esan zuen, eta euskal txirrindularitzako zaleei egindako errekonozimendua ere badela.
Joseba Egibar EAJren GBBko presidentea ere mintzatu zen atzo Espainiako Vueltaren eta Euskal Herrian amaituko diren bi etapa horien inguruan. «Bultzada politikoa» ikusten du hark erabakiaren atzean, «euskal lurraldeak Espainiako erreinuaren barruan daudela erakusteko bultzada politikoa». Vueltaren gaia eta selekzioarena uztartu zituen Egibarrek, eta guztiaren atzean Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren «diseinu politiko bat» dagoela nabarmendu. «Ez dago selekzio nazional bat baino gauza politikoagorik. Euskal selekzioa ez da ofiziala, beste gauza askoren artean, Espainiaren betoarengatik. Ni ezin naiz izan nire selekzioa izatea ukatzen didan nazio baten selekziokoa».
EAJk ez du alderdi gisa bat egin ESAITen gaurko manifestazioarekin, baina EAJko hainbat kidek eman diote atxikimendua egunotan deialdiari, eta Gasteizen izango dira. Manifestazioak, gainera, bat egingo du ESAITen Mendi Martxarekin. Joan den larunbatean hasi zen, Uztaritzen, Aramaiora iritsi zen atzo eta Armentian amaituko da gaur. Azken etapa, bihar, Trebiñun.
© berria.info
|
|
|
Joseba Otano
Posts: 925
|
 |
|
Re: XAKEKO EUSKAL SELEKZIOAREN ALDE - 2010.
Posted: 08 ago 10 23:31
|
"Berria".
Igandea, 2010eko abuztuak 8a.
Jaiaren bihotzetik, oihu bat.
5.000 lagun inguru bildu dira ESAITek Euskal Herriko selekzioen ofizialtasunaren alde Gasteizen egindako manifestazioan.
Euskal Herria «espainolizatzeko» ahalegina kritikatu du Itziar Arratibelek.
Jon Rejado. Gasteiz.
Muturrak elkartu ziren Gasteizko kaleetan, jaiaren irudi diren blusa eta neskek ESAITek antolatutako Mendi Martxako parte hartzaileekin nahastu baitziren. Ordea, guztiek oihu bera egin zuten. «Gora Euskal Herriko selekzioak!». Itziar Arratibel ESAITeko presidenteak oihu horrekin eman zien ongietorria Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan bildutako lagunei, eta milaka lagunek «gora!» erantzun zuten, aho batez. Oihu bera egin zuten Inposaketa guztien gainetik, Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat lelopean bildutako 5.000 lagunek, azken urtetan Gasteizen egon den manifestazio anitzenetako bat izan arren.
Espainiako saskibaloi selekzioa Lituania eta Esloveniakoekin batera Gasteizen jokatzen ari den txapelketaren harira Euskal Herriko selekzioaren alde egindako manifestazioan egungo egoeraren hausnarketa egin zuen Arratibelek. «Ez dira eskuak gurutzatuta geldituta geratzeko uneak», gogorarazi zuen Arratibelek. PSE-EE Eusko Jaurlaritzara PPren laguntzarekin heldu zenetik «normalizazio faltsu» baten izenean Euskal Herria «espainolizatzeko Euskal Herriko selekzioaren alde, «gure nortasunaren alde», lan egiteko elkarlana nabarmendu zuen.
Euskaltel Euskadiren ibilgailuetan Spain jartzea, kirol ezberdinen Errege eta Erregina Kopen finalak Euskal Herrira ekartzeko ahalegina, Espainiako saskibaloi taldea gonbidatzea... «Hori guztia Euskal Herriari bere selekzio propioa izateko duen eskubidea zapaltzen duten bitartean egiten ari dira». PSE-EE eta PPren jarrera hori «lotsagabea» eta «probokatzailea» dela kritikatu zuen.
Patxi Lazkoz Gasteizko alkateak manifestazioa bertan behera eskatu zion ESAITi. Lazkozek Espainiako saskibaloi selekzioaren presentzia, inposaketa bainoago oparitzat jo zuen. «PSEk herri honi egin diezaiokeen oparirik onena bere selekzioa propioa izateko duen eskubidea onartu, eta horren alde lan egitea da». Euskal herritarren «gehiengo handi batek» hori eskatzen duela gaineratu zuen Arratibelek.
Eusko Jaurlaritzak ildo beretik jarraituko duenaren ustea jakinarazi zuen, baina ESAITek «inurri lanean» jarraituko duela aurreratu zuen, Euskal Herriko selekzioak nazioarteko txapelketetan ordezkaritza duen arte.
Selekzioak, maila berean.
Abuztua izan arren, Gasteizko Jaiak izan arren, milaka lagun elkartu ziren Gasteizko kaleetan Euskal Herriko selekzioaren aldeko oihua egiteko, eta, bide batez, azken egunetan sortutako eztabaidari behingoz bukaera eman ahal izateko. «Ez goaz inoren kontra; herri honek selekzio propioa izateko eskubidea aldarrikatu egin nahi dugu», errepikatu zuen Martxel Toledo ESAITeko koordinatzaile nagusiak. Are gehiago, ESAITek antolatutako txapelketa batzuetan kirol ezberdinetako Espainiako selekzioei hots egin zaiela gogorarazi zuen. Ordea, bi selekzioak maila berean lehiatu ahal izateko Euskal Herriko selekzioa ofiziala beharko lukeela nabarmendu zuen, eta horretarako eskubidea errespetatu behar dutela gaineratu.
Iritzi bera berretsi zuten manifestazioan egon ziren alderdi politikoen ordezkariek. «Espainiaren aurkako manifestazioa saltzen saiatu dira, baina ez da horrela; gurea baino ez dugu eskatu», adierazi zuen Aitor Bezares Arabako Biltzar Nagusietako EAE-ANVko hautetsiak.
Antxon Belakortu Gasteizko Udaleko EAko zinegotziak matematiketara jo zuen gizartean bizi den egoeraren berri emateko. «Manifestazioan Espainiako saskibaloi selekzioa ikustera joan direnak baino gehiago gaudela adierazgarria da». Bide batez, gogorarazi zuen saskibaloi partidak ikusteko 4.000 gonbidapen banatu direla azken egunetan. «Lotsagabekeria da normaltasuna aldarrikatzea Espainiako selekzioari babes eman nahi diotenentzat, eta, aldi berean, Euskal Herria animatu nahi duten horiei izorra daitezela eskatzea».
Alex Larragoiti Aralarreko Arabako koordinatzaileak manifestazioaren giro «bikaina» nabarmendu zuen. «Selekzioen alde egin beharreko lanaz gain, abertzaleok jarraituko beharreko bidea ere bada».
Blusak eta mendizaleak.
Alderdi politiko, sindikatu eta hamaika elkarteren ordezkariez gain milaka gizabanakok babestu zuten ESAITen aldarrikapena, eta manifestazio koloretsua osotu zuten. Blusa eta neska koadrila askoren kideak izan ziren, jaietako erritmoa alde batera utzita. Horiekin batera ESAITek antolatutako Mendi Martxako partaideak izan ziren. 18:20ak aldera heldu ziren manifestazioa hasi zen tokira, ordurako bertan zeuden pertsonen txalo artean.
Uztailaren 31an Uztaritzen (Lapurdi) hasi zen mendi martxa, eta bederatzi egunen buruan gaur helduko dira Trebiñura (Araba), 200 kilometro baino gehiago egin ondoren. Bidean hamaika txokoren errealitatea gertutik bizitzeko aukera izan dute. Ordea, azken astetako albiste gutxi jaso dute. «Polemika egon al da manifestazioarekin?», galdetu zuen Mendi Martxan parte hartu duen lagunetako batek, bildutako hedabide guztiak ikusita.
«Partida soil bat».
ESAITen manifestazioaren aurretik Oscar Rodriguez PSE-EEko legebiltzar taldeko koordinatzaileak Espainiako saskibaloi selekzioaren partidaren atzean «Estatuaren konspiraziorik» ez dagoela nabarmendu zuen. «Saskibaloi partida soil bat da, eta positibotzat jo behar dugu Euskadirentzat eta islatzen dugun irudiarentzat».
PSE-EEren eta PPren jokabidea “lotsagabea eta probokatzailea” dela salatu dute.
4.000 gonbidapen banatu dira Espainiako saskibaloi selekzioaren partidetarako.
############
8.200.
Ikusle Buesa Arenan. Buesa Arenako harmailek itxura ona izan zuten Espainia eta Lituaniaren arteko atzoko partidan -9.600 lagun sartzen dira guztira-. Ez zen inolako istilurik egon, eta Baskoniako jokalari eta jokalari ohiek agur beroa jaso zuten ikusleengandik.
############
############
«Ez goaz inoren kontra, herri honek selekzio propioa izateko eskubidea aldarrikatu nahi dugu».
MARTXEL TOLEDO. ESAITeko koordinatzaile nagusia.
############
############
«Manifestazioan Espainiako saskibaloi selekzioa ikustera joan direnak baino gehiago gaudela adierazgarria da».
ANTXON BELAKORTU. EAko Gasteizko Udaleko zinegotzia.
############
############
«Espainiaren aurkako ekimena izan dela sinetsarazi nahi izan dute, baina ez da horrela; geurea baino ez dugu eskatu».
AITOR BEZARES. Biltzar Nagusietako EAE-ANVko hautetsia.
############
############
«Selekzioen alde egin beharreko lanaz gain, abertzaleok jarraituko beharreko bidea ere bada».
ALEX LARRAGOITI. Aralarreko Arabako koordinatzailea.
############
############
PSE-EEren eta PPren arteko koalizioak Eusko Legebiltzarreko gehiengoa lortu zuenetik, ohiko bihurtu dira espainiar selekzioak eta kirol probak Euskal Herrian barneratzeko ahaleginak.
«Normaltasun» keinu gehiago.
Erredakzioa. Donostia.
Ia bi hamarkada pasa dira Espainiako selekzio absolutu batek Euskal Herrian jokatu, edota antolakuntza espainiarreko puntako lasterketa bat azkenekoz Euskal Herritik pasa zenetik -1994an Vueltako etapa bat Iruñean bukatu zen-. PSE eta PP koalizioak Eusko Legebiltzarreko gehiengoa lortu zuenetik, baina, ohiko bihurtu dira Euskal Herria eta Espainia kirolaren bidetik lotzeko saiakerak.
1. 'Espainia' hitza elastikoetan.
Euskaltel-Euskadi taldeak Spain eta Espagne hitzak -Espainia ingelesez eta frantsesez- eraman behar izan ditu auto ofizialetan aurtengo Frantziako Tourrean. Taldeak Jaurlaritzaren diru laguntza jasotzen du eta beharturiko errotulazioa izan da. Jaurlaritzak antzeko saiakerak egin zituen aurretik Athleticek, Bizkaia Bilbo Basketek eta Caja Laboral Baskoniak Europan jokaturiko partidetan; ordukoan, baina, hitzak elastikoetan joan beharra zuen. Ez zuen nahia lortu.
2. Espainiako Vuelta Euskal Herrian.
Patxi Mutiloak Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendariak 2011ko Espainiako Vueltako bi etapa Euskal Herrian bukatuko direla ziurtatu zuen herenegun, Gasteizen eta Bilbon ziur asko. Vuelta 1994an barneratu zen azkenekoz hain modu nabarmenean Euskal Herrian. Ordukoan, 12. etaparen helmuga eta 13.aren irteera Iruñean izan ziren.
3. «Euskal zaleei pozgarria ematea».
Patxi Lopez lehendakariak Espainiako selekzioek Euskal Herrian jokatzea gustatuko litzaiokeela adierazi zuen iragan ekainaren 30ean, «euskal zaleei pozgarri bat» emateko.
4. Aurreneko eskaera, Barakaldon.
Tontxu Rodriguez Barakaldoko alkatea izan zen Espainiako selekzio batek Euskal Herrian joka zezan eskaera publikoa egiten aurrena. Iazko azaroan 21 urtez azpiko futbol selekzioak Lasesarren jokatzea eskatu zuen. Espainiako futbol selekzioak joka dezan, baina, talde batek egin batek egin behar du eskaera formala.
5. Jaurlaritzaren zoriontze publikoa.
Espainiako futbol selekzioak Munduko Kopa irabazi zuenean Eusko Jaurlaritzak publikoki eta modu ofizialean zoriondu zuen. Zoriontzearen harira, Espainiako futbol selekzioak Euskal Herrian jokatzearen aldeko adierazpen gehiago egin zituzten. 1967an jokatu zuen azkenekoz Euskal Herrian, Bilbon izan zen.
6. Saskibaloi selekzioaren torneoa.
Espainiako saskibaloi selekzioa torneo bat jokatzen ari da egunotan Gasteizko Buesa Arena pabilioian. Jaurlaritza eta Espainiako Saskibaloi Federazioaren artean antolatu dute. 22 urte ziren Espainiako saskibaloi selekzioak ez zuela Euskal Herrian jokatzen.
############
© berria.info
|
|
|
Joseba Otano
Posts: 925
|
 |
|
Re: XAKEKO EUSKAL SELEKZIOAREN ALDE - 2010.
Posted: 13 ago 10 20:46
|
"Berria".
Ostirala, 2010eko abuztuak 13a.
Espainiarrek Espainia, eta guk, zergatik ez geurea?
Martxel Toledo. ESAITeko kidea.
Larunbatean Gasteizen Inposaketaren aurrean, guk geurea, Euskal Herria, nazio bat, selekzioa bat leloarekin antolatutako manifestazioaren bukaeran esan genuen bezala, euskal herritarrok bizi dugun egoera ez da eskuak gurutzatuta gelditzeko modukoa, Euskadiko Alderdi Sozialista, Alderdi Popularraren laguntzarekin, herri hau espainoltzeko determinazioa hartu eta dagoeneko, lehen urratsak egiten hasia delako. Eta hori arrazoitzeko, besteak beste, Espainiako Errege eta Erreginaren finalak Euskal Herrira urtetik urtera gehiago ekartzea, Espainiako kirol selekzio ezberdinak sustatzea eta saskibaloi selekzioa Gasteizera ekartzea, Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldeari auto eta autobusetan Espagne-Spain jartzea edota, Espainiako txirrindularitza itzulia datorren urtean Euskal Herrian sartzea aipatzen genituen, gure ustetan, ekimen horiek estrategia politiko horren adibide garbiak besterik ez direlako.
Beraz, bistan da, estrategia hori azken muturreraino eramateko, kirola bidelagun hartu dutela, jakitun baitira, kirola ikur modura erabiliaz eta espainiarren azken garaipena aprobetxatuz, herri hau espainoltzeko bidea erraztea lortzen dutela. Argi dute lortu nahi dutena oso garrantzitsua dela, eta horretarako denok batera aritu behar dutela. Eta ez dago zalantzarik denok, «Creo en España!, Somos España!» pentsamoldearekin bat eginda ari direla.
Eta espainiarrek horretan diharduten bitartean, gu, soilik euskal herritar sentitzen garenok, zertan ari gara edo zertan aritzeko gaude prest? Hori da nire ustetan bakoitzak geure buruari egin behar diogun galdera.
Bidea ibiliaz egiten dela dio abesti batek, eta nik esango nuke, kasu honetan ere, euskaldunoi, bidea ibiliaz egitea baino beste aukerarik ez zaigula gelditzen, baldin eta herri honen nortasun propioa mantendu nahi badugu behintzat. Eta badakigu ez dela ibilbide erraza izango, arantzaz jositakoa izateaz gain, inklinazio handiko aldapak ere aurkituko ditugulako. Baina uste dut, lehentasuna, gure indarrak, gure ideiak, bidea asmatu eta ibilbide hori amaitzera bideratu behar ditugula, bestela gure etsaiek herri hau espainoltzeko martxan jarritako estrategiak utzi ditzakeen identitate kalte ondorioak etorkizunean ezabatu ezinak izango direlako eta gure hurrengoek zama horrekin bizi behar izango dutelako.
Beraz, asko daukagu jokoan, eta horregatik elkartu egin behar dugu. Euskal herritar garen heinean, guk ere Euskal Herrian sinetsi behar dugu, Euskal Herria garelako. Eta ez dugu hori aitortzeko lotsarik izan behar. Hori bai, zintzoak izan behar dugu; ez dugu tranparik egin behar; aitzakiak alde batera utzi behar dira, afera honetan, alderdi, sindikatu, eragile edo norberaren interesen gainetik, gure nazio nortasunaren iraupena dagoelako jokoan.
Eta txingurri lan horretan ari da ESAIT azken hamabost urte hauetan ekimenak antolatzen. Azkenekoa asteburuan Gasteizen antolatutako manifestazio arrakastatsua izan da, bertan, eragile politiko, sindikal eta kirol zale talde batzuen babesarekin, milaka pertsonak parte hartu zutelarik. Baina ez da aurten Euskal Herriko selekzioaren alde antolatuko dugun azkenekoa izango; ate joka badator irailean Iparraldean Munduko pilota txapelketan egingo duguna ere, hor ere, tamalez, ez delako herri hau ordezkatuta egongo. Eta zeinek daki, urtea bukatu aurretik, besteren bat antolatu beharrean izatea ere. Batzuen jarduera ikusita, aurrera egitea besterik ez zaigulako gelditzen. Beraz, adi egon.
Oharra: Bistan da artikulu hau kirol arloa ardatz hartuta egina dagoela baina tamalez beste hainbat arlorekin ere lotura izan dezakeela. Etsaiek Euskal Herriaren aurka diseinatutako estrategia politiko batez ari naizelako.
Artikulu hau kirol arloa ardatz hartuta egina dago, baina, tamalez, beste hainbat arlorekin ere lotura izan dezake. Etsaiek Euskal Herriaren aurka diseinatutako estrategia politiko batez ari naizelako.
© berria.info
|
|
|
|
|